XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Bihar - gaineratu zuen irriparrez, halako alaitasun mehatxuzkoa zeriola - serioki hasi beharko duzue lanean.

Jeneralidadeak alde bat utzi beharko dituzue.

Bitartean...

Bitartean halako pribilejio aparta probetxatu beharra zegoen.

Zientziaren iturritik koadernora zuzen zuzen.

Eta mutilek zirri eta borro ziharduten eroen gisa.

Altua, argala, baina ardatza bezain tentea, zuzendaria salan barrena abiatu zen.

Kokots luzea zuen, ortzak sendoak eta pixka bat irtenak, ezpain gizenez eta biribilez estaliak, mintzo ez zenean.

Zaharra? Gaztea? Hogei eta hamar? Berrogei? Berrogei eta bost?

Nekez antzeman zekiokeen.

Gainera bost axola zion horrek inori, Ford-en Haroko 632garrenean inori ez zitzaion bururatzen ere horrelako galderarik.

- Hasieratik hasiko natzaitzue - esan zuen zuzendariak.

Eta ikaslerik finenek koadernoan idatzi zuten haren asmoa: Hasieratik hasi.

- Hauk - seinalatu zien eskuaz - inkubagailuak dira.

Eta ate aislatzaile bat irekirik, entseiu tuboen errezkada batzuk, elkarren gain jarriak, erakutsi zizkien.

- Hona obuloen asteroko hornialdia - azaldu zuen.

Odolaren tenperaturan kontserbatuak; gameto arrak, ordea eta beste ate bat ireki zuen, hogei eta hamabostera kontserbatu behar dira, eta ez hogei eta hamazazpira.

Odolaren tenperatura normala agorrerazle da.